XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Joan etorri zitzaidan Xanti zela esanez eta hau eta hau esan ziola.

Zer iruditzen zaik?.

Oso ondo, ados neok eta goazemak, erantzun nion.

Hamaiketako tren-tranbia hartu genuen eta ordu bata baino lehenago Mirandan geunden.

Xanti ere hantxe zegoen gure zain.

Estazioko kantinan bazkaldu genuen, eta berehala San Asensiorako trenean, larri-larri, baina sartu ginen.

Hura jende pila! Lauretarako San Asension.

Derrigorrezko agurren ondoren furgonetan sartu ginen gu hirurok eta beste hiru hauek: Larrazabal, Zufiria (etxeko nagusia) eta Serafin (txoferra).

Beraiek zekarten hurrengo egunerako janaria.

Bostetan, gutxi gora behera, Valvanera monastegirako bidea hartu genuen.

Benetan bide latza eta luzea.

Monastegian afaldu, lo egin eta hurrengo goizeko zazpietan meza entzun, gosaldu eta bazkaltzera ez ginela etorriko esan genion hango fraile beneditar arduradunari, baina afaltzera bai, eta garaiz.

Bide luzea duzue esan zigun.

Hasi ginen aldapan gora. Hura bai zela jo eta jo ibiltzea.

Eta nolako beroa... Egun guztian ez genuen inor ikusi... Ordu pare bat egin eta gero aurreneko aldiz gelditu ginen eta norbaitek hamarretakoa hartzeko ordua zela oihu egin zuen.

Jateko gogo haundirik ez baina atsedena hartzeko bai, eta horrela, ordu laurden bat pasa, eta berriz aurrera.

Beste ordu bat goraka eta goraka eta iturburu bat aurkitu genuen eta haren inguruan ur gardeneko putzu bat.

Hura gure poza! Oraintxe zetorkigun bene-benetako aldapa-gora.

Denok jarraitu genion aldapari, Larrazabalek izan ezik.

Esan zigun bera han geldituko zela, nekatuta zegoela eta guk jarraitzeko.

Goraino heldu baino lehen ni ere gelditu nintzen lurrean etzanda eta nirekin zetozen biei esan nien ni ez nindoala gailurreraino eta beraiek jarraitzeko.

Haiek gutxi falta zela esanez adorea ematen zidaten.

Azkenean jaiki nintzen eta estu eta larri, baina haiekin batean iritsi nintzen.

Gerotxoago heldu ziren Zufiria eta Serafin....

Gure ohitura zahar bati jarraituz Aita Gure bat esan genuen eta buzoian txartel bat sartu ere bai geure izenez josita.

Txartel hau Gimileoko mendigoizale batek bilduta bidali zigun Zumarragara hilabete geroago.